Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 24-10-2020
zapatua

urtean zehar, XXIX. astea zapatua

Irakurgaia 1


Kristo da buru,eta Haregandik hartzen dau hazierea gorputz osoak.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 4, 7-16

Senideok: Gutako bakotxak Kristok emon gura izan deutsan neurrian hartu dau dohaia. Horregaitik dino Liburu Santuak:
«Gorenera igon ebanean,
katiguak eroan ebazan beragaz
eta gizakiei dohaiak emon eutsezan».
Igon ebala esatean, zer esan gura dau, aurrez beheko lur honetara jatsi zala baino? Jatsi zan Ha, zeru gorenera dana betetera igon ebana bera da.
Bera da batzuk apostolu egin ebazana, beste batzuk profeta, beste batzuk Barrionaren iragarle, beste batzuk artzain eta irakasle; holan gai egiten ditu fededunak euren zerbitzu-lanerako eta Kristoren gorputza eregiteko, harik eta guztiok Jainkoaren Semearen sinesmen eta ezagutza berbera izatera heldu arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko izatera heldu arte.
Ez gaitezan ume izan, edozein irakaspen-haizek astinduak eta batera nahiz bestera eroanak, uste okerretan jausiazoteko trebea dan jente maltzurrak engainatuak. Bestela baino, maitasunean benetakoak izanez, gauza guztietan hazi gaitezan, Kristori gero eta gehiago egokituz. Bera da burua eta Berak emoten deutsoz gorputz osoari barruko loturea eta batasuna, atal guztiek, bakotxak bere jarduera bereziaren arabera, gorputz osoaren alde egiten daben alkarlanaren bitartez; holan, gorputza haziz eta maitasunean eregiz doa.

Salmoa


Sal 121, 1-2. 4.5

R/. Goazen pozik Jaunaren etxera!

Ha poza nirea, esan eustenean:
Goazen Jaunaren etxera!
Hona orain nire oinak
zure ateetan, Jerusalem. R/.

Hara igoten dira leinuak, Jaunaren leinuak,
Israelen lege danez, Jaunaren izena goratzera.
Han dagoz ezarriak auzi-mahaiak,
Daviden jauregiko mahaiak. R/.

Ebanjelioa


Bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 13, 1-9

Aldi haretan, etorri jakozan batzuk Jesusi, galilear batzuei jazotakoaren barri emotera: zelan Pilatok hil ebazan, hareen odola eskeintzen ziharduenen oparienakaz nahastatuz. Jesusek erantzun eutsen: «Uste al dozue galilear hareek beste galilearrak baino pekatariagoak zirala, holako heriotzea izan ebelako? Ezetz dinotsuet, eta, bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree.
Eta Siloeko torrea gainera jausita hil ziran hamazortzi hareek, uste al dozue beste jerusalemdarrak baino errudunagoak zirala? Ezetz dinotsuet, eta, bihozbarritzen ez bazaree, guztiok era berean galduko zaree».
Eta parabola hau esan eutsen: «Gizon batek pikuondo bat eukan, bere mahastian landatuta. Joan zan piku bila eta ez eban aurkitu. Orduan, esan eutsan mahastilariari: "Bada hiru urte pikuondo honetara piku bila natorrela, eta ez dot aurkitzen. Ebagi egizu. Zertarako euki hor, lurra alperrik jaten?"
Mahastilariak, ostera, erantzun eutsan: "Jauna, itzi egizu aurtengoz; bitartean, ingurua aitzurtu eta ongarria botako deutsat, ea aurrerantzean fruturik emoten dauan; eta bestela, ebagi"».