Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 20-10-2020
martitzena

urtean zehar, XXIX. astea martitzena

Irakurgaia 1


Kristo da gure bakea; bat egin ditu Berak herri biak.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 2, 12-22

Senideok: Lehenago ez zenduen Mesiasik, ezta parterik ere Israel herriaren eskubideetan; ez zenduen zerikusirik Jainkoaren agintzari eta itunetan, eta itxaropen barik eta Jainko barik bizi zineen munduan.
Orain, barriz, Kristo Jesusegan zagoze. Sasoi batean urrun zineenok, hurreratu egin zaree Kristoren heriotzeari esker.
Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu Berak herri biak, bereizten ebazan hesia, areriotasuna, deseginez. Beraren gorputzean balio barik itzi dau Legea bere agindu eta arauekin, eta herri biekin gizadi barri bakarra sortu dau, bakeak eginez. Herri biak Jainkoagaz adiskidetu ditu eta kurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar batean alkartu, hareen arteko areriokeria beragan hondatuz.
Bere etorrereagaz bakearen Barriona ekarri eban: bakea zuei, urrun zineenoi, eta bakea hurrean ziranei; izan ere, bai batzuk eta bai besteok beraren bidez hurreratu gaitekez Aitagana Espiritu beragan alkarturik.

Ez zaree, beraz, arrotz, ez atzerritar, Jainkoaren herriko kide baino eta Jainkoaren familiako, apostolu eta profeten oinarri gainean eregiak, Kristo Jesus bera giltzarri dala. Honegan ondo finkaturik, eregin osoa gora doa, tenplu santu bihurtzeraino Jaunagan. Honegan ereginaren parte zaree zuek ere besteekin batera, Espirituagan Jainkoaren bizileku bihurtzeraino.

Salmoa


Sal 84, 9ab-10. 11-12. 13-14

R/. Bakezkoa da Jaunaren hitza bere herriarentzat.

Entzungo dot Jainkoak dinoana:
Jaunak bakea agintzen deutse
Hurrean dabe salbamena begirune deutsoenek;
bai, gure lurraldean kokatuko da Jaunaren aintza. R/.

Maitasunak eta leialtasunak topo dabe egiten,
justiziak eta bakeak alkar besarkatzen.
Leialtasuna lurretik erneten da,
justizia zerutik jaisten. R/.

Jaunak emongo dau euria,
eta gure lurrak ekarriko dau uzta.
Haren aurretik joango da justizia,
haren urratsei jarraituko deutse ondoizateak. R/.

Ebanjelioa


Zorionekoak nagusiak, etortean, zuhur aurkitzen dituan mutilak!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 12, 35-38

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Zagoze prest, jantziak loturik eta kruseiluak bizturik; izan zaiteze nagusia ezteguetatik noiz bihurtuko zain dagozan morroiak lakoak, heldu eta atea jo baizen laster edegiteko prest dagozan morroiak lakoak.
Zorionekoak morroi horreek, nagusiak, heltzean, zain aurkitzen baditu! Egia dinotsuet: jantziak aldaturik, mahaian jesarriazoko ditu eta zerbitzen hasiko jake. Eta gauerdian nahiz goizaldean badator eta holan aurkitzen baditu, zorionekoak hareek!»