Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 19-10-2020
astelehena

urtean zehar, XXIX. astea astelehena

Irakurgaia 1


Kristogaz batean biziazo ginduzan eta Haregaz batean zeruetan jesarriazo.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 2, 1-10

Senideok: Zuek hilda zengozen zeuen hutsegite eta pekatuakaitik, hori zan-eta zuen jokabidea sasoi batean, mundu honen joerei jarraituz: munduan agintzen daben indarren buruzagiaren menpeko zineen, jente errebeldeagan diharduan espirituaren menpeko. Gu guztiok ere holan bizi izan ginan lehen, geure giza grina txarrei jarraituz, geure grina eta burutapen gaiztoek agindutakoa eginez; izatez, guk ere zigorra merezi genduan, beste guztiek lez.
Baina errukian aberatsa dan Jainkoak holako maitasun neurribakoz maite izan gaitu, geure pekatuakaitik hilda gengozala, bizia emon euskun-eta Kristogaz batean —ondonahi hutsez salbatuak zagoze—; eta Kristo Jesusegaz batean berbiztu ginduzan eta zeruetan jesarriazo. Honan, Jesu Kristogan guretzat hain ona izanez agertu gura izan deutse datozan gizaldiei, zein ugaria eta eskuzabala dan beraren ondonahia.
Izan ere, ondonahi hutsez salbatuak zagoze fedearen bidez; eta hori ez dator zuekandik; Jainkoaren dohaia da; ez dator egiteetatik, inor harrotu ez daiten.
Izan ere, Jainkoak eginak gara; Berak sortu gaitu Kristo Jesusegan, on egiten ahalegindu gaitezan, Jainkoak guretzat aldez aurretik erabagi eban lez.

Salmoa


Sal 99, 2. 3. 4. 5

R/. Jaunak egin gaitu, Berarenak gara.

Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
zerbidu egizue Jauna pozetan,
sartu zaiteze oihu alaiz haren aurrera. R/.

Jakizue Jauna dala Jainko,
Harek egin gaitu, harenak gara,
haren herri eta haren larreko artalde. R/.

Sartu haren tenpluko ateetatik eskerrak emonez,
haren atarietan gorazarreak abestuz.
Emon eskerrak, bedeinkatu haren izena. R/.

«Ona da-eta Jauna,
haren maitasuna betikoa,
haren leialtasuna gizaldiz gizaldikoa». R/.

Ebanjelioa


Norentzat izango dira pilatu dozuzanak?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 12, 13-21

Aldi haretan, jente arteko batek esan eutsan Jesusi: «Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nigaz erdibanatzeko».
Jesusek erantzun eutsan: «Lagun, nork jarri nau Ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?» Eta jenteari esan eutsan: «Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez deutsoe-eta inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere».
Gero, parabola hau kontatu eutsen: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia emon eutsan. Eta honan hasi zan berekautan pentsetan: "Zer egin, ez daukot-eta uzta non jaso". Eta beretzat esan eban: "Badakit zer egin: garautegi zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hareetan jasoko ditut garia eta gainerakoak. Gero, esango deutsat neure buruari: "Ea, mutil! Badok hor gordeta urtetarako ondasunik nahiko; hartu atsedena, jan, edan eta bizi ondo!"
Baina Jainkoak esan eutsan: “Burubagea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar dok. Norentzat izango dok pilatu duana?"» Eta amaitu eban Jesusek: «Horra zer jazoten jakon, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, ondasunak beretzat pilatzen dituanari».