Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 13-10-2020
martitzena

urtean zehar, XXVIII. astea martitzena

Irakurgaia 1


Erdainduak izateak edo ez izateak ez dau ezer balio;maitasun bihurtzen dan fedeak balio dau.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik
Ga 4, 31b-5, 6

Senideok: Libre izateko askatu gaitu Kristok. Iraun egizue, beraz, sendo eta ez makurtu barriro esklabotzaren buztarpera.
Hara zer esaten deutsuedan nik, Paulok: erdaintzen bazaree, Kristok ez deutsue ezertarako balio izango. Barriz ere zinez esaten deutsuet: erdaintzen diran guztiak Lege osoa betetera behartuta dagoz. Moisesen Legearen bidetik salbamena lortu gura dozuenok Kristogandik bereiztu egin zaree eta Jainkoaren ondonahitik aldendu.
Gu, barriz, Jainkoak, Espirituaren egitez eta fedeari esker, salbamena emongo deuskun itxaropenez bizi gara. Izan ere, Jesu Kristorenak garenontzat, erdaindua izateak edo ez izateak ez dau ezer balio; maitasun-egintzetan agertzen dan sinesmena da balio dauana.

Salmoa


Sal 118, 41 eta 43. 44-45. 47-48

R/. Betorkit, Jauna, zure maitasuna.

Betorkit, Jauna, zure maitasuna,
zure salbamena, Zeuk agindu lez.
Ez aldendu nire ahotik egiazko berbea,
zure erabagietan dot-eta itxaropen. R/.

Eten barik nahi dot gorde zure legea,
betiren beti.
Bide zabaletik naz ibiliko,
zure legeak ditut-eta aztertzen. R/.

Zure aginduetan naz gozatzen,
hain maite ditudan aginduetan.
Agindu maitagarriotara jasoten ditut begiak,
eta hausnartzen zure arauak. R/.

Ebanjelioa


Egizue limosna, eta dana garbia izango da zuekan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 11, 37-41

Aldi haretan, Jesusek hitzaldia amaitu ebanean, fariseu batek bere etxean bazkaltzera gonbidatu eban. Jesus sartu eta mahaian jarri zan. Fariseua harriturik gelditu zan bazkal aurretik eskuen garbikuntzarik ez ebala egin ikustean.
Orduan, Jaunak esan eutsan: «Zuek, fariseuok, edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dozuez, zeuek barrutik lapurretaz eta gaiztakeriaz beterik zagozen bitartean. Zentzunbakook halakook! Ez ete dau kanpokoa egin ebanak berak egin barrukoa ere? Hobe zeunkee daukazuena limosnatzat emongo bazendue! Holan, gauza guztiak garbi izango litzatekez zuentzat».