Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 12-10-2020
Pilareko Andra Maria Birjina

Irakurgaia 1


Guztiak bihotz batez otoitzari emonak bizi ziran.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 1, 12-14

Jesusek zerura igon ondoren, apostoluak Jerusalemera bihurtu ziran Oliamenditik —mendi hau Jerusalemdik hurrean dago, kilometro batera eskas—.
Etxera heldurik, bizi ziraneko goiko gelara igon eben. Honeek ziran: Pedro, Joan, Santiago eta Andres, Felipe eta Tomas, Bartolome eta Mateo, Santiago Alfeoren semea eta Simon Zelote, eta Judas Santiagoren semea. Guztiok, emakume batzuekin eta Jesusen ama Maria eta senideekin, bihotz batez otoitzari emonak bizi ziran.

Salmoa


Sal 26, 1. 3. 4. 5

R/.Jaunak goratu nau eta itxaropen-zutabe egin nau

Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes, nork ni izutu? R/.

Gudarosteak inguratzen banau ere,
nire bihotzak bildurrik ez;
nire aurka borroka lehertzen bada ere,
nire barrua konfiantzaz beteta. R/.

Gauza bat eskatzen deutsat Jaunari,
horren bila nabil ni:
bizi naitela Jaunaren etxean
neure bizitzako egun guztietan,
Jaunaren edertasuna miretsiz
eta haren tenplua zainduz. R/.

Bere txabolan gordeko nau zoritxar-egunean,
bere txabolearen gordeenean ezkutatuko,
harkaitzera nau jasoko. R/.

Ebanjelioa


Zorionekoa Zu ekarri zinduzan sabela. Zorionekoak, bai, Jainkoaren berbea entzuten dabenak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 11, 27-28

Aldi haretan, Jesusek gauza honeek esaten ziharduala, emakume batek jendartetik deadarka esan eban: «Zorionekoa sabelean eroan zinduzan eta bularra emon eutsun emakumea!»
Baina Jesusek esan eban: «Hobeto esan, zorionekoak Jainkoaren berbea entzun eta beteten dabenak!»