Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 10-10-2020
zapatua

urtean zehar, XXVII. astea zapatua

Irakurgaia 1


Guztiok Jainkoaren seme-alaba zaree sinesmenagaitik.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik
Ga 3, 22-29

Senideok: Liburu Santuak dinoanez, dana pekatupean katigu dago, holan, Jesu Kristogan sinesten dabenek fedeari esker hartu dagien agintzaria.
Fedearen sasoia heldu baino lehen, Legepean katigu gengozan, agertzekoa zan fedearen zain. Holan, Legea gidari izan genduan, gu Kristogana bideratzeko, Beronegan sinestuz Jainkoak zuzentzat hartu gengizan. Baina fedearen sasoia helduz gero, ez gagoz gehiago gidariaren menpe.
Guztiok Jainkoaren seme-alaba zaree, Kristo Jesusegan dozuen sinesmenari esker.
Izan ere, Kristogan bateatuak zareen guztiok Kristoz jantziak zagoze. Ez da dagoaneko bereizketarik juduaren eta judu ez danaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoen eta emakumezkoen artean; zuek guztiok bat zaree-eta Kristo Jesusegan. Eta Kristorenak baldin bazaree, Abrahamen ondorengoak zaree, Jainkoaren agintzariaren oinordeko.

Salmoa


Sal 104, 2-3. 4-5. 6-7

R/. Gogoan dauka Jaunak betiko egin eban ituna.

Kanta egiezue, jo soinua Harentzat,
kontau haren mirari guztiak.
Harrotu zaiteze haren izen santuaz,
poztu bihotzez Jaunaren bila zabilzanok. R/.

Jo egizue indartzen dauan Jaunagana,
bilatu eten barik haren aurpegia.
Ekarri gogora Harek egindako mirariak,
haren egintza harrigarriak eta agindu zuzenak. R/.

zuek, haren morroi Abrahamen jatorrikook,
Jakoben seme-alabok, haren aukeratuok.
Bera da Jauna, gure Jainkoa,
lur osoaren gain haren aginpidea. R/.

Ebanjelioa


Zorionekoa Zu ekarri zinduzan sabela. Zorionekoak, bai, Jainkoaren berbea entzuten dabenak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 11, 27-28

Aldi haretan, Jesusek gauza honeek esaten ziharduala, emakume batek jendartetik deadarka esan eban: «Zorionekoa sabelean eroan zinduzan eta bularra emon eutsun emakumea!»
Baina Jesusek esan eban: «Hobeto esan, zorionekoak Jainkoaren berbea entzun eta beteten dabenak!»