Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 13-08-2020
eguena

urtean zehar, XIX. astea eguena

Irakurgaia 1


Urten egizu egun argiz, guztien aurrean.

Ezekiel Profetearen liburutik
Ez 12, 1-12

Honan berba egin eustan Jaunak: «Gizaseme, herri errebeldearen erdian bizi zara. Badabez begiak ikusteko, baina ez dabe ikusten; belarriak entzuteko, baina ez dabe entzuten; izan ere, herri errebeldea da.
Orain, beraz, gizaseme, egin erbesteratuarena: hartu zeure fardala-eta zoaz erbestera egun argiz, euren aurrean. Zagozan lekutik beste batera joango zara, euren aurrean. Ea ohartzen diran herri errebeldea dirala. Erbestera joateko lez, zeure fardela atarako dozu egun-argiz euren aurrean, eta zu zeuk ilunabarrean urtengo dozu, euren aurrean, erbesteratuak urteten daben lez.
Egizu zuloa horman, euren begi aurrean, eta urten egizu handik. Euren aurrean bizkarrean fardela harturik, ilunpetan urtengo dozu: estaldu aurpegia, lurraldea ez ikusteko, seinale bihurtu zaitut-eta Israel herriarentzat».
Bete neban agindu jatana. Egun-argitan prestatu neban fardela, erbestera joateko lez; arratsaldean zuloa egin neban neure eskuz horman eta ilunpetan urten neban, fardela bizkarrean nebala, guztien aurrean.
Biharamun-goizean Jaunak berba egin eustan: «Gizaseme, Israel herriak, herri errebelde horrek, ez al deutsu itaundu zertan zabilzan? Erantzun egiezu: “Hau dino Jainko Jaunak: mezu hau Jerusalemen dagoan printzearentzat eta bertan bizi diran israeldar guztientzat da”. Esaiezu: "Ni zuentzat seinale naz. Nik egina jazoko jatzue zuei ere: erbestera joango zaree katigu. Zuen printzeak, gauzak bizkarrean hartu, horman zuloa egin eta ilunpetan urtengo dau; aurpegia estalduko dau lurraldea ez ikusteko"».

Salmoa


Sal 77, 56-57. 58-59. 61-62

R/. Ez ahaztu Jainkoak eginak.

Hareek, ostera, goi-goiko Jainkoa zirikatu eben
eta Haren aurka jagi ziran;
ez ebezan gorde haren aginduak.
Zapuztu eta traizinoa egin eutsoen, gurasoek lez,
uztai txarrak lez huts egin. R/.

Muinoetako sasikultuekin suminduazo eben,
jeloskor jarri euren idoloekin.
Horren aurrean, hasarretu zan Jainkoa
eta zapuztu egin eban zeharo Israel. R/.

Erbestera bialdu eban, arerioaren esku, kutxa santua,
Israelek bere indar eta ospe ebana.
Ezpatearen menpe itzi eban bere herria,
bere ondareagaz hasarreturik. R/.

Ebanjelioa


Zazpi bider ez, zazpitan zazpi hamar bider baino parkatu behar dozu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 18, 21 —19, 1

Aldi haretan, hurreratu jakon Pedro Jesusi eta itaundu eutsan: «Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badeust, zenbat bider parkatu behar deutsat? Zazpi bider?»
Jesusek erantzun eutsan: «Zazpi bider ez, zazpitan zazpi mila bider baino.
Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu gura izan ebazan erregeagaz lez jazoten da zeruetako erreinuagaz. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor eutsan bat ekarri eutsoen. Eta nondik ordaindurik ez eban-eta, bera eta emaztea, seme-alabak eta ebazan guztiak saltzeko agindu eban nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutsan: "Emoidazu astia eta dana ordainduko deutsut". Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban morroia.
Baina morroiak, urten orduko, diru apur bat zor eutsan bere morroi-laguna topatu eban, eta, lepotik heldu eta ito beharrean, esan eutsan: "Ordaindu egidak zor deustana". Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten eutsan: "Emoidak astia eta dana ordainduko deuat". Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu arte.
Beste morroiak, jazotakoa ikusirik, biziro atsekabetu ziran, eta nagusiagana joan eta jazotakoaren barri emon eutsoen. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan eutsan: "Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, eskatu deustalako; ez al zoan bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errikutzea, ni heugaz errukitu nintzoan lez?" Eta nagusiak, hasarre bizitan, borreroen esku itzi eban, zor guztia ordaindu arte. Zuei ere gauza bera egingo deutsue zeruko nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsazue».
Berbaldi hau amaitu ebanean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zan Jesus, Jordanez bestaldera igaroz.