Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 22-05-2020
barikua

pazko aldia, VI. astea barikua

Irakurgaia 1


Nire herri izango dan jente asko dot Nik uri honetan.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 18, 9-18

Paulo Korinton egoala, gau batez honan esan eutsan Jaunak ikuskari batean: «Ez izan bildurrik; jarraitu berba egiten isildu barik. Ni zugaz nago eta ez deutsu inork kalterik egingo. Nire herri izango dan jente asko dot Nik uri honetan». Urte eta erdi egin eban Paulok Korinton, Jainkoaren berbea irakasten.
Akaiako Galion kontsulorde zala, judu guztiak Pauloren aurka jaso ziran batera; auzitara eroan eta honan salatu eben: «Honek Jainkoari gure Legearen kontrako kultua emotera bultzatzen dau jentea».
Paulo berbetan hastera joiala, esan eutsen Galionek juduei: «Juduok, bidebagekeria edo delitu handi bat balitz, kasu egingo neuskizue behar dan lez; baina, zuen gorabeherak berba eta izen batzuei buruzkoak eta zuen lege horri buruzkoak diren ezkero, hor konpon zeuek. Nik ez dot holako arazoetan epaile izan gura». Eta auzitegitik kanpora bota zituan.
Orduan, danek Sostenes sinagogako buruzagiari heldu eta jipoi ederra emon eutsoen auzitegi aurrean bertan. Galionek ez eutsen jaramonik egin.
Oraindino alditxo batez Korinton gelditu zan Paulo. Gero, senideei agur egin eta Siriarantz urten eban ontziz Priszila eta Akilagaz. Zenkreasen ulea motz-motz egin eban, egina eukan botoa beteteko.

Salmoa


Sal 46, 2-3. 4-5. 6-7

R/. Jainkoa da lurbira osoan errege.

edo Aleluia.

Herri guztiok, txalo jo egizue,
Jainkoari irrintzi egiozue.
Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
lurbira osoan errege handi. R/.

Herriak deuskuz guri menperatu,
giza endak oinperatu.
Aukeratu dau guretzat ondarea,
maite dauan Jakobentzat aintzabidea. R/.

Oihu alaien artean igon da Jainkoa,
turuta-soinuz, Jauna.
Eresi Jainkoari, eresi;
eresi gure erregeari, eresi. R/.

Ebanjelioa


Zuen poza ez deutsue inork kenduko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 16, 20-23a

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Bene-benetan dinotsuet: Negar egingo dozue eta aiene; mundua, barriz, poztu egingo da. Zuek triste egongo zaree; baina zuen tristurea poz bihurtuko da.
Emakumea, erditzerakoan, triste egon ohi da, ordua etorri jakolako; umea izan ondoren, ostera, ahaztu egiten da larrialdiaz, munduari gizaki bat jaio jakolako pozik.
Zuek ere triste zagoze orain; baina agertuko natxatzue barriro, eta poztu egingo zaree, eta zuen poza ez deutsue inork kenduko. Egun haretan ez deustazue ezer itaunduko».