Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 27-03-2020
barikua

garizuma, IV. astea barikua

Irakurgaia 1


Heriotza lotsagarrira kondenatuko dogu.

Jakituria liburutik
Jkd 2, 1a. 12-22

Honan inoen gaiztoek, oker arrazoituz:
«Jarri deioguzan sareak zintzoari,
gogaikarri jaku-eta;
gure jokabideari aurka egiten deutso:
legea haustea aurpegiratzen deusku
eta hartutako heziketaren aurkako hutsegiteak salatzen.
Jainkoa ezagutzen dauala dino
eta Jaunaren seme deitzen deutso bere buruari.
Bere izaeraz gure pentsaera salatzen dau;
zintzoa ikuste hutsa ere jasanezina jaku.
Besteena ez lakoa da haren bizimodua,
eta oso bestelakoa haren jokabidea.
Faltsutzat hartzen gaitu
eta kutsagarria balitz lez
urruntzen da gure jokabidetik;
azkenean zintzoak zoriontsu izango dirala dino,
eta Jainkoa bere aita dauala-eta harro dabil.
Ikusi dagigun esaten dauana egia dan ala ez,
Aztertu dagigun zelango amaierea dauan ikusteko.
Zintzoari, benetan Jainkoaren seme bada,
Bera etorriko jako laguntzera
eta libratuko dau arerioen eskuetatik.
Irainak eta oinazeak jasanazoko deutsaguz,
haren nasaitasuna ezagutu eta eroapena probatzeko.
Heriotza lotsagarrira kondenatuko dogu,
bere esanetan, Jainkoak alde urtengo deutso».
Holan arrazoitzen dabe gaiztoek,
baina oker dabilz,
euren gaiztakeriak itsutu ditu-eta;
ez dabez ezagutzen Jainkoaren asmo ezkutuak;
ez dabe jainkozaletasunari jagokon saririk itxaroten,
ezta aintzat hartzen bere bizitza akats bakoari jagokon ohorea.

Salmoa


Sal 33, 17-18. 19-20. 21 eta 23

R/. Hurrean dabe Jauna bihotz urratuak.

Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
galdu daiten lurrean hareen oroipena.
Zintzoek dei egin eutsoen eta Jaunak entzun,
estualdi guztitik atara zituan bere eskuz.R/.

Hurrean dabe Jauna bihotz urratuak,
salbatzen ditu gogo atsekabetuak.
Zintzoaren gaitzak asko dira,
baina danetatik Jaunak atara.R/.

Haren hazur guztiak ditu zaintzen,
bat bakarrik ez jako hausten.
Jaunak askatzen ditu bere morroiak,
ez dau izango zigorrik Haregana ihes doanak.R/.

Ebanjelioa


Atxilotu egin gura izan eben, baina ez zan artean heldu haren ordua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 7, 1-2. 10. 25-30

Aldi haretan, Jesus Galilean ebilen; ez eban Judean ibili gura, juduek hil egin gura eben-eta.
Hurrean zan Etxola-jaia, juduen jaietariko bat. Jesusen senideak jaietara joan ziranean, Jesus ere joan zan; baina ez agirian, erdi ezkutuan baino. Jerusalemdar batzuek inoen: «Ez al da hau hil gura dabena? Nasai asko dihardu, bada, berbetan, eta ez deutsoe ezer esaten. Onartu ete dabe agintariek berau dala Mesias? Baina hau badakigu nongoa dan; Mesias etorriko danean, ostera, ez dau inork jakingo nongoa dan».
Orduan, Jesusek, tenpluan irakasten ziharduala, errime esan eban: «Ni ezagutzen nozue eta badakizue nongoa nazan. Baina Ni ez naz neurez etorri, fidagarria danak bialdu naualako baino, eta zuek ez dozue Ha ezagutzen. Nik, bai, ezagutzen dot, Haregandik natorrelako eta Harek bialdutakoa nazalako».
Orduan, atxilotu egin gura izan eben; baina ezin izan eutsan inork eskurik jarri, ez zan-eta artean heldua haren ordua.