Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 25-03-2020
Jaunaren Aurkezpena

Irakurgaia 1


Begira, birjinea umedun dago.

Isaias Profetearen liburutik
Is 7, 10-14; 8, 10

Egun hareetan, mezu hau emon eutsan Jaunak Akaz erregeari Isaias profetearen bidez: «Eskatu egiozu Jaunari, zeure Jainkoari, ezaugarri bat zeuretzat, lurraren barruan nahiz zeruen goienean». Akazek erantzun eutsan: «Ez dot ezaugarririk eskatuko, ez dot tentauko Jauna».
Orduan Isaiasek esan eban:
«Entzun, Daviden etxe:
Gitxi al deritzazue gizakientzat aspergarri izateari?
Nire Jainkoarentzat ere aspergarri izan behar al dozue?
Horregaitik, Jaunak berak emongo deutsue ezaugarria.
Begira, birjinea umedun dago eta semea izango dau;
Emmanuel ipiniko deutso izena, hau da, "Jainkoa gugaz"».
Asmatu asmatzekoak: ustel urtengo dira; esan esatekoak: ez dira beteko. Gugaz Jaungoikoa dago eta.

Salmoa


Sal 39,7-8a.8b-9.10 eta 17

R/. Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

Opari eta eskeintzarik ez dozu nahi izan,
baina belarriak edegi deustazuz;
erre-opari eta hoben oparirik ez dozu eskatu;
orduan esan dot nik: «Hemen nozu». R/.

Liburuan nitaz hau dago idatzita:
Egin dagidala zure nahia.
Ene Jainko, gogozko jat hori,
eta bihotz-maminean dot zure legea. R/.

Iragarri dot batzar nagusian zure salbamena,
ezpanik ez dot itxi, badakizu, Jauna.
Poztu eta alaitu bediz Zugan
zure bila dabilzanak.
«Gora Jauna» esan begie beti
zure salbamena opa dabenak. R/.

Irakurgaia 2


Nitaz Liburuan idatzita dago: Hona hemen ni, Jainko, zure nahia egin dagidan.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 10, 4-10

Senideok: Legeak, etortekoak diran ondasunen kerizpea bakarrik izanik eta ez gauzen izatea bera, urtero eten barik eskeintzen diran opari berberen bidez, ez daikez ezelan ere bete-beteko egin eskeintza horreek egiten dabezanak. Bestela, amaitu egingo ziran opariak; izan ere, eskeintza horreek egiten dabezanek behin garbitu ezkero, inongo pekatu-kontzientziarik ez eben izango. Baina opari horreetan urtero barritzen da pekatuen gomutapena, zezenen eta akerren odolak ez daikez-eta pekatuak desegin.
Horregaitik, Kristok, munduan sartzean, dino:
«Ez zenduan gura izan opari eta eskeintzarik;
baina gorputza eratu zeustan.
Erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik
ez zenduan atsegin izan.
Orduan, esan neban:
Hemen nozu, Jainko, zure nahia beteteko;
holan dago Nitaz idatzita Liburuan».
Lehenengo dino: «Ez zenduan gura izan, ez atsegin izan, opari eta eskeintzarik, ez erre-oparirik, ez pekatuen parkamen-oparirik», nahiz eta gauza guztiok legeak agindutakoak izan. Ondoren, beste hau dino: «Hemen nozu, zure nahia beteteko».
Lehenengo kultua kentzen dau, bigarrena jarteko. Eta Jesu Kristok behin betiko egin eban bere gorputzaren opariaren bidez Jainkoaren nahia bete daualako izan gara gu sagaratuak.

Ebanjelioa


Begiratu, sabelean sortu eta semea izango dozu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 1, 26-38

Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritzon Galileako herri batera, birjina bategana; birjineak Maria eban izena eta Jose eritzon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbea emonda egoan.
Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutsan: *Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna Zugaz+. Ikaratu zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsatzen jarri zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.
Aingeruak esan eutsan: *Ez izan bildurrik, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, eta "Jesus" ezarriko deutsazu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aurkia emongo deutso; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik izango+.
Mariak esan eutsan aingeruari: *Zelan jazo daiteke hori, ez naz-eta inongo gizonagaz bizi+. Aingeruak erantzun eutsan: *Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere kerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea ere umedun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; Jainkoarentzat ez da-eta ezer ezinik+.
Mariak, orduan: *Hona hemen Jaunaren mirabea; jazo bekit zuk dinozun lez+. Eta aingeruak itzi egin eban.