Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 19-09-2019
eguena
Santuak: Jenaro, gotzain eta martiria 
[Satuei buruz informazio gehiago]

urtean zehar, XXIV. astea eguena

Irakurgaia 1


Begiratu zeure buruari eta erakuspenari;
hori eginez salbatuko dozuz, bai zeure burua, bai zure entzuleak.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo gutunetik
1 Tm 4, 12-16

Anaia maite: Ez zagizala inork gitxietsi gaztea zaralako; izan zaitez, ostera, sinestedunentzat eredu berbetan, jokaeran, maitasunean, sinesmenean eta biziera garbian. Ni joan bitartean, arduratu zaitez Liburu Santuak irakurteaz, aholku emoteaz eta irakasteaz.
Ez izan zabarra zeure dohaiari jagokonez: Jainkoak emon eutsun, alkarteko profetek holan adierazorik, arduradunek eskuak ezarri eutsuezanean. Arduratu gauza honeetaz eten barik, guztiek zure aurrerapena garbi ikusi dagien. Egin kontu zeure buruari eta irakaspenari; eutsi tinko, hori eginez, bai zeure burua, bai entzuleak salbatuko dozuz-eta.

Salmoa


Sal 110, 7-8. 9. 10

R/. Jaunak eginak handi dira.

edo Alleluia

Haren egintzak leial eta zintzo dira,
haren lege guztiak fidagarri,
beti-betiko ezarriak,
leial eta zuzenkiro eratuak. R/.

Askatasuna emon deutso bere herriari,
betiko ezarri dau bere ituna:
santua eta bildurgarria da haren izena. R/.

Jaunaganako begirunea da jakituriaren oinarria,
benetan zuhurra, horren arabera jokatzen dauana.
Betiko dirau Jaunaren gorespenak. R/.

Ebanjelioa


Asko maite izan dau, eta parkatu ere pekaturik asko parkatzen jako.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 7, 36-50

Aldi haretan, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu eban Jesus. Joan zan, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zan.
Honetan, emakume bat, herrian pekatari lez ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zala jakinik, bertara joan zan, harzurizko ontzi bat ukendu eroiala. Jesusen atzean, oinen ondoan, jarri zan negarrez, eta oinak malkoz bustiten hasi jakon; gero, uleaz sikatu eta musu emon ondoren, ukenduz igurtzi eutsazan.
Hau ikusirik, gonbidatu eban fariseuak berekautan inoan: «Benetan profetea balitz, jakin behar leuke zer-zelakoa dan ikutzen jabilkon emakumea, pekataria da-eta».
Jesusek esan eutsan: «Simon, badot zeredozer zuri esateko». Harek erantzun: «Esaizu, Maisu».
«Diru-mailegatzaile batek zordun bi ebazan: batak bostehun denario zor eutsazan eta besteak berrogeita hamar. Nondik ordaindu ez ebela, parkatu egin eutsen biei. Bietako zeinek izango ete dau maiteen?» Simonek erantzun eutsan: «Gehien parkatu jakonak, nik uste». Jesusek esan eutsan: «Zuzen dinozu».
Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan eutsan: «Ikusten al dozu emakume hau? Zuenean sartu naizenean, zuk ez deustazu oinak garbitzeko urik emon; honek, barriz, malkoz busti deustaz oinak eta bere uleaz sikatu. Zuk ez nozu musu emonez agurtu; hau, barriz, sartu danetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez deustazu burua orioz igurtzi; honek, barriz, oinak ukenduz igurtzi deustaz. Hau dinotsut, beraz: hainbesteko maitasuna agertzen dauanean, pekatu asko parkatu jakon seinalea da; gitxi parkatu jakonak maitasun gitxi agertzen dau». Eta emakumeari esan eutsan: «Parkatuak dozuz pekatuak».
Beste bazkaltiarrak euren artean esaten hasi ziran: «Nor ete dogu pekatuak parkatu ere egiten dituan Hau?»
Baina Jesusek esan eutsan emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu. Zoaz bakean».