Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 17-09-2019
martitzena
Santuak: Roberto Belarmino, gotzain eta doktorea 
[Satuei buruz informazio gehiago]

urtean zehar, XXIV. astea martitzena

Irakurgaia 1


Gotzainak akats bakoa izan behar dau;
diakonoek ere sinesmenaren misterioa bihotz garbian gordeten dabenak.

San Paulo Apostoluak Timoteori egindako lehenengo gutunetik
1 Tm 3, 1-13

Anaia maite: Egia da alkarte-zuzendari izan gura dauanak eginkizun ona nahi dauala. Baina zuzendariak akats bakoa izan behar dau, behin bakarrik ezkondua, neurritsua, zentzunduna, gizabidetsua, ostatu emoilea, irakasteko trebea; ez ardozalea, ezta matrakazalea ere, bihozbera baino, baketsua eta ez diruzalea. Bere etxea ondo gobernatzen eta seme-alabak menpekotasunean eta errespetuan heziten jakin behar dau; izan ere, zelan izango dau Jainkoaren alkartearen ardurea, bere etxea gobernatzen ez dakianak? Ez dau kristau barri izan behar, harropuztu eta deabruaren antzera gaitzetsia izan ez daiten. Kristau ez diranen artean ere izen ona izan behar dau, desohorean eta deabruaren sareetan jausi ez daiten.
Diakonoek ere agurgarriak eta berbako pertsonak izan behar dabe, ez ardozaleak, ezta irabazi zikinei emonak ere, Jainkoak agertu eta guk sinesturiko egia kontzientzia garbiz gordeten dabenak. Lehenengo, izan beitez aztertuak eta, gero, akats bakoak badira, bete begie euren zerbitzua.
Emakumeek ere agurgarriak izan behar dabe eta ez barritsuak, neurritsuak eta gauza guztietan fidagarriak. Diakonoak izan beitez behin bakarrik ezkonduak, euren seme-alabak eta etxea ondo gobernatzen dakienak, izan ere zerbitzu hau ondo beteten dabenek ohorezko maila eskuratzen dabelako, eta Kristo Jesusegan dogun sinesmenak segurtasun handiz beteten ditu.

Salmoa


Sal 100, 1-2ab. 2bc – 3ab. 5-6

R/. Bihotz errubakoz ibiliko naz.

Maitasuna eta justizia nahi ditut kantatu,
Zuretzat, Jauna, nahi dot soinua jo.
Jokabide akas bakoa nahi dot azaldu.
Noiz etorriko zara nigana? R/.

Bihotz akasbakoz jokatuko dot
neure jauregi barruan.
Ez dot arretarik jarriko
ezelango maltzurkeriatan. R/.

Lagun hurkoari ezkutuan izen txarra jarten deutsana
isilarazo egingo dot.
Bihotz-harroa eta handizalea
ez dot jasango. R/.

Herritar fidagarriak aukeratuko ditut kontseilari,
jokabide zintzokoak izango zerbitzari. R/.

Ebanjelioa


Mutil, zuri dinotsut: jagi zaitez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 7, 11-17

Aldi haretan, Nain izeneko herrira joan zan Jesus, bere ikasleak eta jente asko lagun zituala. Herriko sarrerara hurreratu zanean, hildako bat, ama alargun baten seme bakarra, eroien lur emotera. Herriko jente asko joian amagaz.
Hau ikustean, errukitu egin jakon Jauna eta esan eutsan: «Ez egin negarrik!» Hurreraturik, hilkutxa ikutu eban, eta eroienak gelditu egin ziran. Orduan, esan eban: «Gazte, zuri dinotsut: Jagi!» Jagi zan hildakoa eta berbetan hasi, eta Jesusek amari emon eutsan.
Bildurrak hartu ebazan danak eta Jainkoa goresten eben, esanez: «Profeta handia sortu da gure artean». Eta hau ere bainoen : «Jainkoa bere herria salbatzera etorri da». Judea eta inguruko lurralde guztian zabaldu zan jazoera honen barri.