Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 14-09-2019
Gurutze Santuaren Goralpena

Irakurgaia 1


Sugeek zizta egindako guztiak, brontzezko sugeari begiratzean, osatu egingo dira.

Zenbakiak liburutik
Zen 21, 4-9

Egun hareetan, Hor menditik Itsaso Gorrirako bidea hartu eben israeldarrek, Edomgo lurraldea inguratzeko asmoz. Baina herria, bideaz gogaituta, txarto esaka hasi zan Jainkoaren eta Moisesen aurka: «Zertarako atara ginduzuzan Egiptotik? Basamortuan hilteko? Ez dogu ogirik, ez urik, eta asperturik gagoz mana dalako janari kaskar honegaz».
Jaunak suge pozoitsuak bialdu eutsazan herriari, eta hareen ziztadaz israeldar asko hil zan. Orduan, Moisesegana joan eta esan eutsoen: «Pekatu egin dogu, Jaunaren eta zure kontra txarto esaka jardunez. Erregutu Jaunari sugeak gugandik urruntzeko».
Erregutu eban Moisesek herriaren alde, eta Jaunak esan eutsan: «Egizu brontzezko suge bat eta ipini haga baten muturrean. Sugeek zizta egindako guztiak, brontzezko sugeari begiratzean, osatu egingo dira». Egin eban Moisesek brontzezko sugea eta hagearen muturrean ipini eban. Eta sugeren batek norbaiti zizta egiten eutsanean, brontzezkoari begiratzean osatu egiten zan.

Salmoa


Sal 77, 1-2. 34-35. 36-37. 38

R/. Ez ahaztu Jainkoak eginak

Entzun, ene herri, nire irakaspena,
makurtu belarria nire esanetara.
Ipuinetan berba egingo dot,
antzinako ezkutukiak azalduko ditut. R/.

Baina hilten zituanean, Jainkoaren bila hasten ziran,
damutu eta beraren bila ahalegintzen.
Gogoratzen ziran Jainkoa ebela harkaitza,
goi-goiko Jainkoa euren askatzailea. R/.

Baina zurikeria besterik ez eben ahoan,
guzurra baino ez mihinean;
ez egozan bihotzez Jainkoari lotuta,
ez ziran leial haren itunagaz. R/.

38 Harek, halan ere, errukiturik, parkatu egiten eutsen errua,
eta ez zituan hondatzen;
sarritan eutsi eutsan hasarreari,
bere sumin guztiari bidea emon barik. R/.

Irakurgaia 2


Apaldu egin eban bere burua; horregaitik, Jainkoak goratu egin eban.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik
Flp 2, 6-11

Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez eutsan gogor eutsi Jainkoagaz bardin izateari;
bestela baino, bere izaeraz hustu egin zan
morroi-izaerea hartuz,
eta beste edozein lez azalduz.
Eta, gizon lez agerturik,
apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
kurutzeko heriotzaraino.
Horregaitik, Jainkoak goratu egin eban
eta izen guztien gaineko izena emon eutsan,
Jesusen izenera belaun guztiak makurtu daitezan,
guztien belaunak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien:
Jesu Kristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.

Ebanjelioa


Jaso beharra da Gizonaren Semea.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 3, 13-17

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan Nikodemori:
Ez dau inork zerura igon
zerutik jaitsi zanak baino, Gizonaren Semeak.
Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea
jaso eban lez,
holan izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak,
Haregan sinesten daben guztiek betiko bizia izan dagien.
Izan ere, hain maite izan eban Jainkoak mundua,
bere Seme bakarra emon eutsan-eta,
Haregan sinesten dauanik inor galdu ez daiten,
betiko bizia izan dagian baino.
Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura
mundua kondenatzera bialdu,
haren bitartez mundua salbatzera baino.