Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 11-09-2019
eguaztena

urtean zehar, XXIII. astea eguaztena

Irakurgaia 1


Kristogaz hil zaree. Hil egizue, beraz, zeuen gorputzean lurkoi dan guztia.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik
Kol 3, 1-11

Senideok: Kristogaz biztu zareen ezkero, bilatu egizuez zeruko gauzak, han dago-eta Kristo Jainkoaren eskumaldean jesarrita. Jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan, hilik zagozelako, eta zuen egiazko bizia Kristogaz dago Jainkoagan gordeta. Kristo, zuen bizia, agertuko danean, orduan Haregaz aintzatsu agertuko zaree zuek ere.
Hilazo egizuez, beraz, zeuekan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, lohikeria, nahiera eta grina txarrak eta idolatria dan diru-gosea.
Honako gauzek biztuten dabe Jainkoaren hasarrea errebeldeen gain. Zuek ere inoiz ibiliak zaree holan, halakoetan bizi zineenean. Orain, ostera, baztertu egizuez guzti horreek, hau da, gorrotoa, hasarrea, gaiztakeria, irainak eta hizkera gordina.
Ez esan alkarri guzurrik, izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi eta barria jantzi dozuen ezkero; izaki barri zaree, beraren egile dan Jainkoaren irudira erabarrituz doana, ezaguera beteagora heltzeko. Hor ez dago dagoaneko ez greziar eta ez judurik, ez erdaindu eta ez erdaindu bakorik, ez kulturadun eta ez kultura bakorik, ez esklabo eta ez librerik; Kristo da guztia eta guztiakan bizi da.

Salmoa


Sal 144, 2-3. 10-11. 12-13ab

R/. Ona da Jauna guztientzat.

Egunero zaitut bedeinkatuko,
zure izena goratuko beti.
Handia da Jauna, guztiz goragarria,
haren handitasuna mugarik bakoa. R/.

Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
mintzatu bediz zure ahalmenaz. R/.

Gizakiei agertuz zure egite ahaltsuak,
zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna.
Zure erregetza betiko erregetza,
Gizaldiz gizaldikoa zure nagusitza. R/.

Ebanjelioa


Zorionekoak behartsu zareenak. Zoritxarrekoak zuek, aberatsak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 6, 20-26

Aldi haretan, Jesusek, ikasleei begira, esan eutsen:
«Zorionekoak behartsuok,
zuena da-eta Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak orain gose zareenok,
aseko zaitue-eta Jainkoak.
Zorionekoak orain negar egiten dozuenok,
barre egingo dozue-eta.
Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dala-eta jenteak gorrotatu, euren artetik bota eta madarikatuko zaitueenean eta izen txarra emongo deutsueenean. Alaitu zaiteze egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango da-eta zuen saria zeruan; gauza bera egin eutseen profetei jente horren gurasoek.
Baina ai zuek, aberatsok,
bai dozue-eta zeuen poza.
Ai zuek, orain aseak zagozenok,
gose izango zaree-eta.
Ai zuek, orain barre egiten dozuenok;
aiene eta negar egingo dozue-eta.
Ai zuek mundu guztiak zuetaz ondo berba egingo dauanean, gauza bera egin eutseen-eta sasiprofetei jente horren gurasoek».