Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 10-09-2019
martitzena

urtean zehar, XXIII. astea martitzena

Irakurgaia 1


Jainkoak Beragaz bizia emon eutsuen zuen pekatu guztiak parkatuta.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei egindako gutunetik
Kol 2, 6-15

Senideok: Jesu Kristo Jauna onartu dozuen ezkero, bizi zaiteze Berari jagokonez. Haregan errotuak eta oinarrituak, iraun sendo sinesmenean, irakatsi jatzuen lez, eta emon eskerrak eten barik.
Begira, gero, inork filosofia eta argudio hutsalez engainatu ez zagiezan; horreek giza tradizinoetan eta munduan agintzen daben indarretan oinarrituak dagoz, eta ez Kristogan. Jainkoaren izaerea Kristo gizon eginagan dago bete-betean; eta zuek ere, munduko aginte eta botereen buru dan Kristoren bitartez hartu dozue zeuen betetasuna. Zuek ere erdainduak zagoze, baina ez giza eskuz egindako erdaikuntzaz; Kristok erdaindu zaitue, zeuen pekatuzko izaeratik askatuz. Bateoaren bidez, Kristogaz hobiratuak izan zaree, eta biztu ere, Beragan biztu zaree, Ha hildakoen artetik biztu eban Jainkoaren ahalmenean sinestuz.
Sasoi batean, hilda zengozen zeuen pekatuakaitik eta erdaindu bakoak zineelako; baina Jainkoak biziazo egin zaitue Kristogaz batera, pekatu guztiak parkaturik. Gu gaitzesten ginduzan epai-agiria hondatu egin dau eta kurutzean josiz ezerreztu.
Munduko botereak eta aginteak indarbagetu ditu eta danen aurrean lotsagarri agertuazo, Kristoren bitartez hareen gain garaipena lortu ondoren.

Salmoa


Sal 144, 1-2. 8-9. 10-11

R/. Ona da Jauna guztientzat.

Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
bedeinkatuko dot zure izena betiren beti.
Egunero zaitut bedeinkatuko,
zure izena goratuko beti. R/.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta ondoguraz betea.
Ona da Jauna guztientzat,
errukiz betea bere sorkari guztientzat. R/.

Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begia zure erregetza ospetsua,
mintzatu bediz zure ahalmenaz. R/.

Ebanjelioa


Gau osoa Jainkoari otoitz egiten eroian. Eta hamabi aukeratu ebazan, eta apostolu izendatu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 6, 12-19

Aldi haretan, Jesus mendira joan zan otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro eban gaua.
Eguna argitu ebanean, ikasleei deitu eta hareetako hamabi aukeratu ebazan, eta apostolu izena emon eutsen: Simon —honi Pedro izena ezarri eutsan— eta honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon —Zelote eritzona—, Judas Santiagorena eta Judas Iskariote, Jesusen saltzaile izango zana.
Jesus ikasleekin menditik jatsi eta zelaigune batean gelditu zan. Ikasle-multzo handia zan haregaz; baita herriko jentetza ugaria ere, Judea osotik, Jerusalemetik eta Tiro eta Sidongo itsasaldetik etorria, Hari entzutera eta euren gaitzetatik osatzera. Espiritu gaiztoek oinazetuak osatu egiten ziran. Jente guztiak Jesus ikutu gura eban, halako indar bat erion-eta, danak osatzen ebazana.