Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 15-08-2019
Andra Maria Birjinaren Zeruratzea

Irakurgaia 1


Emakume bat eguzkiz jantzia eta ilargia oinpeko.

Apokalipsi liburutik
Ap 11, 19a; 12, 1. 3-6a. 10ab

Edegi zan Jainkoaren santutegia zeruan eta haren itun-kutxa agertu zan santutegian. Seinale handia agertu zan zeruan: emakume bat eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroia buruan.
Beste seinale bat agertu zan zeruan: herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituana, eta buruetan koroi bana. Bere buztanez zeruko izarren herena arrastaka hartu eta lurrera jaurti eban. Herensugea, umea izateko egoan emakumearen aurrean gelditu zan, jaio orduko semea irunsteko.
Emakumeak semea izan eban, herri guztiak burdinazko makilaz gobernatuko dituana; hartu eben semea eta Jainkoaren tronuraino eroan eben. Emakumeak, barriz, basamortura egin eban ihes; han leku bat prestau eutsan Jainkoak.
Orduan, ahots handia entzun neban zeruan esaten:
Orain etorri dira
gure Jainkoaren salbamena, indarra eta erregetza,
eta beraren Mesiasen agintea.

Salmoa


Sal 44, 10. 11-12. 16

R/. Erreginea, Ofir-ko urrez apaindurik, zure eskuman dago zutunik.

Errege-alabak dozuz zeure aukeratuen artean,
zure eskumean erregina, urre finez apainduta. R/.

Entzun, alaba, eta ikusi, makurtu egizu belarria:
ahaztu zeure herria eta aitaren etxea.
Zoraturik dago erregea zure edertasunaz;
bera dozu jaun, egiozu ahuspez agur. R/.

Pozik eta alai daroe,
eta erregearen jauregira sartzen dira. R/.

Irakurgaia 2


Lehenengo Kristok, lehen frutu lez; gero, kristau guztiek.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 15, 20-27a

Senideok: Biztu da Kristo hilen artetik, heriotzatik biztuko diranetan lehen-frutua. Izan ere, heriotzea gizon baten bidez etorri zan lez, gizon baten bidez etorri da hildakoen biztuerea ere. Eta Adamegaz daben alkartasunagaitik gizaki guztiak hilten diran lez, Kristogaz daben alkartasunagaitik guztiak bihurtuko dira bizira. Baina, bakotxa bere sasoian: lehenengo Kristo, lehen-frutu lez; gero, Kristorenak, Hau barriro etortean. Gero, azkena izango da, Kristok, Jainkoaren kontrako nagusitza, aginte eta indar guztiak ezereztu ondoren, Jainko Aitari erreinua emongo deutsanean. Kristok errege izan behar dau-eta, Jainkoak arerio guztiak Haren oinazpian ipini arte. Azkena ezereztuko dan arerioa heriotzea izango da. Izan ere, Liburu Santuak dino: Gauza guztiak haren menpean jarri ditu Jainkoak.

Ebanjelioa


Nondik nire Jaunaren ama nigana etortea?

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 1, 39-56

Aldi haretan, Maria jagi eta bizi-bizi mendi aldera joan zan, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin eutsan.
Elisabeti, Mariaren agurra entzun eban orduko, salto egin eutsan umeak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zan, eta esan eban oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nor naz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etorteko? Zure agurra nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan deutsuna beteko dala sinestu dozulako!»
Orduan, Mariak esan eban:
«Goratzen dau nire arimeak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua;
Jainkoa da-eta nire salbamena,
ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiek,
handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
Santua da haren izena,
eta haren errukia gizaldiz gizaldi,
bildur deutsoenakana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buru-harroak hondatu ditu;
bota ditu euren aurkitik handikiak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu gose egozanak,
eta esku hutsik bialdu asko eukenak.
Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei holan eutsen berbea emona,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana».
Hiru hilabete inguru egon zan Maria Elisabetegaz eta gero etxera joan zan.