Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 17-04-2019
eguazten santua

Irakurgaia 1


Ez neutsen aurpegia alboratu irainei.

Isaias Profetearen liburutik
Is 50, 4-9a

Jainko Jaunak berba egiteko trebatu nau,
bihotz-jausiei adore-berbea emoteko.
Goizero deust belarria erneazoten,
ikasle onak lez entzun dagidan.
Jainko Jaunak belarria edegi deust,
eta nik ez deutsat aurka egin, ez atzera jo.
Bizkarra eskeini neutsen joten ninduenei
matrailak, bizarretik tiraka ziharduenei.
Ez neutsen aurpegia alboratu irainei eta txistuei.
Jauna dot laguntzaile;
horregaitik, ez naz kikildu;
horregaitik gogortu dot aurpegia, harkaitza lez,
badakit-eta ez nazala lotsagarri geldituko.
Ondoan dot defendatzailea:
nork eroan ni auzitara?
Aurkeztu gaitezan alkarregaz!
Nork dau nigaz auzirik?
Datorrela!
Hara, Jainko Jauna dot laguntzaile:
nork kondenatuko nau?

Salmoa


Sal 68, 8-10. 21-22. 31 eta 33-34

R/. Hain onbera zara-eta, Jauna, entzun nagizu zeure grazi-egunean.

Zeugaitik jasan dot lotsa gorria,
lotsaz estaldu jat aurpegia.
Arrotz naiake nire senideei,
atzerritar, nire amaren semeei.
Maite-minez jaten nau zure etxeak,
eta Zuri egindako irainak hemen datorkidaz gainera.R/.

Lotseak bihotza urratu deust eta makal nago,
nor nitzaz errukituko, eta ez da inor,
nork ni poztuazoko, eta ez dot aurkitzen inor.
Janari-orde emon eusten behaztuna,
egarri nengoala, ozpina.R/.

Jainkoaren izena kantuz dot goratuko,
eta esker on emonez ospatuko.
Ikusi, apalok, eta poztu zaiteze,
bilatu Jainkoa, eta bihotza birbiztu bekizue.
Izan ere, behartsua dau Jaunak aditzen,
eta bere adiskide atxilotuak ez ditu gitxiesten.R/.

Ebanjelioa


Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek Haretaz dinoen lez; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko dauana!

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 26, 14-25

Aldi haretan, Hamabietako batek, Judas Iskariote eritzonak, abadeburuakana joan eta esan eutsen: «Zenbat agintzen deustazue, Jesus zuen eskuetara emoteagaitik?» Hareek zidarrezko hogeita hamar txanpon agindu eutsoezan. Ordutik aurrera, Jesus hareen eskuetara emoteko egokiera bila ebilen Judas.
Legamina bako Ogien jaiko lehen egunean, ikasleek Jesusegana hurreratu eta itaundu eutsoen: «Non gura dozu pazko-afarirako prestaketak egitea?» Jesusek erantzun eutsen: «Zoaze urira, halakoagana, eta esaiozue: "Maisuak dino hurrean dala beraren ordua, eta zuen etxean ospatu gura dauala Pazkoa ikasleekin"». Jesusek agindu eutsen lez egin eben ikasleek, eta pazko-afaria prestau eben.
Ilunabarrean, mahaian egoan Jesus hamabi ikasleekin eta, afaltzen ziharduala, esan eban: «Benetan dinotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau». Ikasleak, oso goibeldurik, itaunka hasi jakozan banaka: «Nik ete, Jauna?» Harek erantzun: «Nigaz plater beretik jaten diharduan batek salduko nau. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek Haretaz dinoen lez; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko dauana! Hobe leukean jaio izan ez balitz». Orduan, Judasek —salduko ebanak— itaundu eutsan: «Ni al naz, Maisu?» Jesusek erantzun eutsan: «Zeuk esan dozu».
Afaltzen ziharduela, Jesusek ogia hartu eban eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta ikasleei emon eutsen, esanez: «Hartu egizue, jan: hau nire gorputza da».