Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 20-12-2020
domeka

abendu aldia, IV. astea domeka

Irakurgaia 1


Daviden erreinuak betiko iraungo dau Jaunaren aurrean.

Samuelen bigarren liburutik
2 Sm 7, 1-5. 8b-12. 14a. 16

David erregea bere etxean bizitzen jarri eta Jaunak inguruko arerio guztiekin bakea emon eutsanean, esan eutsan erregeak Natan profeteari: *Begira, ni zedrozko etxean bizi naz; Jainkoaren kutxa, barriz, oihal-txabolan dago+.
Natanek erantzun eutsan erregeari: *Zoaz eta bete zeure asmoa, Jauna Zugaz da-eta+.
Baina gau haretan bertan Jaunaren berbea etorri jakon Natani: *Zoaz eta esaiozu nire morroi Davidi: "Hau dino Jaunak: Zuk eregi behar al deustazu etxea, nire bizileku izan dadin? Nik atara zindudazan larreetatik, artaldeen atzetik, nire herri Israelen buruzagi izan zeintezan. Zeugaz izan nozu, ibili zaran alde guztietan. Nik hondatu deutsudaz aurrean jarri jatzuzan arerio guztiak eta Nik emongo deutsut lurreko handikiena lako izen handia. Leku bat emongo deutsat neure herri Israeli: han landatuko dot, bertan biziko da eta ez dau aurrerantzean estualdirik izango. Gaizkileek ez dabe zapalduko antzina lez, neure herriaren gain buruzagiak ipini nituanean lez. Bakea emongo deutsut arerio guztiekin. Errege-ondorengotza emongo deutsula jakinazoten deutsu Jaunak.
Zeure egunak bete eta zeure gurasoekin atsedena hartuko dozunean, ondorengoa emongo deutsut, zure erraietatik ataratakoa, eta sendotu egingo dot haren erregetza. Aita izango nau harek Ni, eta seme izango dot Nik ha.
Zure etxeak eta zure erregetzak betiko iraungo dabe nire aurrean, eta zure errege-aurkiak sendo iraungo dau beti"+.

Salmoa


Sal 88, 2-3. 4-5. 27 eta 29

R/. Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti.

Jauna, zure maitasuna abestuko dot betiren beti,
zure leialtasuna adierazoko gizaldiz gizaldi.
Esan dozu-eta: *Maitasuna betiko dot eregi+,
zure leialtasuna zeruan dozu sendo jarri. R/.

*Egin dot nire hautatuagaz ituna,
David nire morroiari zin egin neutsona:
Betiko sendotuko dot zure hazia,
menderen mende eregiko zure aurkia+. R/.

Berak deituko nau: *Zu zaitut Aita,
ene Jainko, nire salbamenaren Harkaitza+.
Gordeko deutsat beti nire maitasuna,
zintzo izango egin neutson ituna. R/.

Irakurgaia 2


Betidanik ezkutuan eukan misterioa agertu dau Jainkoak. Misterio hori orain azaldu da.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik
Erm 16, 25-27


Senideok: Aintza Jainkoari, nik iragarten dodan Barrionaren eta Jesu Kristori buruzko nire predikuaren arabera fedean sendotu zaikiezan Jainkoari. Prediku honen bidez, betidanik ezkutuan eukan misterioa agertu dau Jainkoak. Misterio hori orain azaldu da, Profeten idazkiek esan eben lez, eta, betiko Jainkoaren erabagiaren arabera, herri guztiei adierazo jake, Jainkoari fedezko erantzuna emon deioen. Jainko horri, jakintsu bakarrari, aintza Jesu Kristoren bitartez, gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Ebanjelioa


Begiratu, sabelean sortu eta semea izango dozu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 1, 26-38

Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritzon Galileako herri batera, birjina bategana; birjineak Maria eban izena eta Jose eritzon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbea emonda egoan.
Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutsan: *Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna Zugaz+. Ikaratu zan Maria berba hareek entzutean, eta pentsatzen jarri zan, zer izan ete eitekean halako agur ha.
Aingeruak esan eutsan: *Ez izan bildurrik, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, eta "Jesus" ezarriko deutsazu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko deutsoe, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aurkia emongo deutso; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez dau azkenik izango+.
Mariak esan eutsan aingeruari: *Zelan jazo daiteke hori, ez naz-eta inongo gizonagaz bizi+. Aingeruak erantzun eutsan: *Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere kerizpean hartuko zaitu; horregaitik, zugandik jaioko dana santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko deutsoe. Hara, Elisabet zure senidea ere umedun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra ei zana; Jainkoarentzat ez da-eta ezer ezinik+.
Mariak, orduan: *Hona hemen Jaunaren mirabea; jazo bekit zuk dinozun lez+. Eta aingeruak itzi egin eban.