Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 18-10-2020
domeka

urtean zehar, XXIX. astea domeka

Irakurgaia 1


Eskutik daroat Ziro, eta honek herriak menperatuko ditu.

Isaias Profetearen liburutik
Is 45, 1. 4-6

Honan berba egiten deutso Jaunak Ziro erregeari,
Berak aukeratu eta sagaratuari:
«Eskutik heldu deutsut,
nazinoak zure menpean jarri
eta erregeei soinetik armak kentzeko;
zure aurrean urietako ateak
guztiz zabaltzeko.
Jakob neure zerbitzariagaitik,
Israel neure aukeratuagaitik
deitu deutsut zeure izenaz
eta ohorez bete zaitut,
zuk Ni ezagutzen ez nozun arren.
Neu naz Jauna, eta ez da besterik;
ez da jainkorik, Ni baino.
Aginpidez jantzi zaitut,
zuk Ni ezagutzen ez nozun arren,
sortaldetik sartaldera jakin dagien
ez dala inor Ni besterik.
Neu naz Jauna, eta ez da besterik».

Salmoa


Sal 95, 1-3. 4-5. 7-8. 9-10ac

R/. Emon Jaunari ospe eta goraldi

Kanta Jaunari kantu barria,
kanta Jaunari, lur osoa,
kanta Jaunari, bedeinkatu haren izena!
Iragarri egunez egun salbatzaile dala,
zabaldu haren ospea nazinoetan,
haren mirariak herri guztietan.R/.

Handia da-eta Jauna, guztiz goragarria,
jainko guztien aldean bildurgarria.
Ez dira ezer atzerritarren jainko guztiak;
Jaunak, ostera, zeruak egin ditu.R/.

Emon Jaunari, munduko herriok,
emon Jaunari ospea eta indarra,
emon Jaunari bere izen ospetsua!
Sartu haren tenpluan eskeintzak eroanez,R/.

gurtu Jauna, Bera santutasunez agertzean.
Ikaratu zaitez, lur osoa, haren aurrean.
Esaizue nazinoetan: «Errege da Jauna.
Herriak zuzenbidez epaitzen ditu». R/.

Irakurgaia 2


Gogora ekarten doguz zuen sinesmena, maitasuna eta itxaropena.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei egindako lehenengo gutunaren hasierea
1 Ts 1, 1-5b

Paulo, Silvano eta Timoteok, Jainko Aitagaz eta Jesu Kristo Jaunagaz bat eginik dagoan Tesalonikako eleiz alkarteari: grazia eta bakea zuei.
Eskerrak emoten deutsaguz beti Jainkoari zuek guztiokaitik, gure otoitzetan gogoan zaituegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakartzagu eten barik zuen sinesmen ekintzailea, zuen maitasun fina eta Jesu Kristo gure Jaunagan dozuen itxaropen iraunkorra.
Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, Berak aukeratu zaituela. Izan ere, guk zuei iragarritako Barriona ez jatzuen berba hutsez emon, Espiritu Santuaren indar beteaz baino. Ondo dakizue zuen artean egin genduan guztia zuen onerako izan zala.

Ebanjelioa


Emoiozue Zesarri Zesarrena, eta Jainkoari Jainkoarena.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 22, 15-21

Aldi haretan, fariseuek alkar hartu eben, Jesusi itaun bat eginez tranpea jarteko. Beraz, ikasle batzuk bialdu eutsoezan, Herodesen alderdikoekin, itauntzera: «Maisu, badakigu egiazale zarala eta Jainkoaren bidea behar dan lez irakasten dozula, Zuk ez deutsazu-eta begiratzen gizakiaren itxureari. Emoiguzu, bada, zeure iritzia: zilegi da Zesarri zerga ordaintzea ala ez?»
Jesusek, hareen maltzurkeria igarriz, esan eutsen: «Zergaitik zatorkidaze zirika, itxurazaleok? Ea, erakutsi zerga-txanpona». Hareek denario bat aurkeztu eutsoen. Jesusek itaundu eutsen: «Norenak dira irudi eta izen honeek?» Hareek erantzun: «Zesarrenak».
Jesusek, orduan: «Emon, bada, Zesarrena Zesarri, eta Jainkoarena Jainkoari».