Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 18-04-2021
domeka

pazko aldia, III. astea domeka

Irakurgaia 1


Biziaren sorburua hil zenduen, baina Jainkoak biztu egin dau hilen artetik.

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 3, 13-15. 17-19

Egun hareetan, Pedrok berba egin eutsan herriari: «Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure asaben Jainkoak, aintzaz bete dau Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetan itzi eta Pilatoren aurrean ukatu zenduena, honek askatzea erabagi eban arren. Santua eta Zuzena ukatu zenduen, eta hiltzailea askatzeko eskatu; biziaren sorburua hil zenduen, baina Jainkoak biztu egin dau hilen artetik; geu gara horren testigu.
Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenduela zuek, baita zuen agintariek ere. Baina holan bete eban Jainkoak, profeta guztien ahoz aurrez iragarritakoa, hau da, haren Mesiasek sufridu egin behar ebala. Bihozbarritu zaiteze, beraz, eta bihurtu Jainkoagana, pekatuak kendu dakizuezan».

Salmoa


Sal 4, 2. 7. 9

R/. Argitu egizu, Jauna, zure aurpegia gugana.

Edo Aleluia

Deitzen deutsudanean, erantzun, Jainko, ene defendatzaile.
Estualdian emoidazu nasaitasuna.
Erruki zakidaz eta entzun nire otoitza. R/.

Askok dihardue esaten «Nork emongo guri zoriona?»
Aldendu egin dozu gugandik, Jauna, zeure aurpegiaren argia! R/.

Bakean oheratzen naz eta bat-batean lokartzen,
Zeuk bakarrik nozu-eta, Jauna, nasai biziazoten. R/.

Irakurgaia 2


Harek bere burua eskeini eban gure pekatuen parkamenerako; eta ez gureen parkamenerako bakarrik, baita mundu guztikoen parkamenerako ere

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik
1 Jn 2, 1-5

Ene seme-alabok, pekaturik egin ez dagizuen idazten deutsuet hau. Halan ere, norbaitek pekatu egiten badau, badogu laguntzailea Aitaren aurrean: zuzena dan Jesu Kristo. Harek bere burua eskeini eban gure pekatuen parkamenerako; eta ez gureen parkamenerako bakarrik, baita mundu guztikoen parkamenerako ere. Jainkoa ezagutzen dogula honetatik dakigu: haren aginduak gordetetik. «Nik ezagutzen dot Jainkoa» esan eta haren aginduak beteten ez dituana guzurtia da, eta holakoagan ez dago egia. Haren berbea beteten dauanagan, barriz, Jainkoaren maitasuna bere betera heldu da egiaz. Holan dakigu Haregan gagozala.

Ebanjelioa


Mesiasek sufridu egin behar eban, eta hirugarren egunean hilen artetik biztu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Lk 24, 35-48

Aldi haretan, Emausko ikasleek bidean jazotakoa kontatu eben eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben Jauna.
Horretan ziharduela, Jesus bera agertu zan ikasleen erdian eta esan eutsen: «Bakea zuei». Hareek, bildur-ikaraz beterik, mamua ikusten ebela uste eben. Baina Jesusek esan eutsen: «Zergaitik izutzen zaree? Zergaitik sortzen jatsuez zalantza horreek barruan? Ikusi nire esku-oinak: Neu naz. Ikutu nagizue eta begiratu: mamuak ez dau hazur-haragirik, eta Nik bai, ikusten dozuenez». Eta hau esatean, esku-oinak erakutsi eutsezan.
Hareek, ostera, euren pozetan oraindino ere ezin sinesturik eta harriturik egozan-eta, Jesusek esan eutsen: «Ba al dozue hemen jatekorik?» Arrain erre piska bat eskeini eutsoen.
Jesusek hartu eta euren aurrean jan eban. Gero, esan eutsen: «Hauxe da, oraindino zuekin nengoala, esan neutsuena: Moisesen Legean, Profetetan eta Salmoetan Nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zala».
Orduan, adimena argitu eutsen, Liburu Santuak ulertu egiezan. Eta esan eutsen: «Idatzita egoan, Mesiasek sufridu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, eta, Jerusalemdik hasita, bihozbarritzea iragarri behar jakela haren izenean herri guztiei, pekatuak parkatu dakiezan. Zeuek zaree gauza honeen testigu».