Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 14-03-2021
domeka

garizuma, IV. astea domeka

Irakurgaia 1


Jaunaren hasarrea eta errukia agertzen dira, herriaren erbeste eta askatasunaren bitartez.

Kronikak bigarren liburutik
2 Kro 36, 14-16. 19-23

Egun hareetan, abadeburu guztiek eta herriak gaiztakeria gaiztakeriaren gain egin eben, atzerritarren ohitura higuingarriei jarraituz, eta kutsatu egin eben Jaunak Jerusalemen Beretzat sagaratua eban tenplua. Jaunak, hareen arbasoen Jainkoak, oharpenak bialdu eutsezan eten barik bere mezularien bidez, errukia eutsen-eta bere herriari eta bere egoitzari. Baina hareek Jainkoaren mezulariei iseka egin, Jainkoaren berbak gutxietsi eta haren profetak barrez hartu ebezan. Azkenik, Jaunak bere herriaren aurka eban hasarreak gainezka egin eban eta ez zan salbabiderik izan.
Orduan, babiloniarrek Jainkoaren etxea erre, Jerusalemgo harresiak bota eta jauregiei su emon eutseen, eta uriko gauza eder guztiak guztiz hondatu ebezan. Ezpatari ihes egin eutsoen guztiak Babiloniara eroan ebezan katigu, eta han erregearen eta honen ondorengoen esklabo izan ziran, harik eta pertsiarren erregealdia heldu zan arte. Holan bete eban Jaunak Jeremias profetaren ahoz esandakoa: «Hirurogeita hamar urtez atseden hartuko dau lurralde honek, hondamenaldiko egun guztietan, Jaunari ukatu eutsoezan atseden-urteak bete arte».
Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jaunak Jeremiasen ahoz esana bete zan. Jaunak Pertsiako errege Ziroren espiritua biztu eban, eta Zirok agindu hau zabaldu eban, berbaz eta idatziz, erreinu osoan: «Honan dino Pertsiako errege Zirok: "Lurreko erreinu guztiak emon deustaz Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen Berari tenplua eregitzeko agindu deust. Beraz, zuen artean haren herriko diran guztiek izan begie euren Jainkoa lagun eta igon begie hara"».

Salmoa


Sal 136, 1-2. 3. 4-5. 6

R/. Nire mihina aho-sabaian josi bedi, Zugaz gomutau ez banendi.

Babiloniako ibai-ertzetan jesarrita gengozan negarrez,
Sionen oroipenez.
Ur ondoko sahatsetan
Itzita geunkazan zitarak zintzilik. R/.

Han, erbesteratu ginduezanak kantu eske geunkazan,
gure zapaltzaileak kanta alaien eskean:
«Kanta guretzat Siongo kantak». R/.

Zelan kantau Jaunaren kantarik
atzerriko lurraldean?
Jerusalem, zutaz ahaztu banendi,
gelditu bekit eskua elbarri. R/.

Itsatsi bekit mihina aho-sabaian,
zutaz oroitzen ez banaz,
niretzat pozbiderik bikainena
Jerusalem ez bada. R/.

Irakurgaia 2


Geure pekatuakaitik hilda gengozala, bizia emon euskun Kristogaz.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 2, 4-10

Senideok: Errukian aberatsa dan Jainkoak halako maitasun neurribakoz maite izan gaitu, geure pekatuakaitik hilda gengozala, bizia emon euskun-eta Kristogaz batean —ondogura hutsez salbatuak zagoze—; eta Kristo Jesusegaz batean berbiztu ginduzan eta zeruetan jesarriazo. Honan, Jesu Kristogan guretzat hain ona izanez agertu gura izan deutse datozan gizaldiei, zein ugaria eta eskuzabala dan beraren ondogurea.
Izan ere, ondogura hutsez salbatuak zagoze fedearen bidez; eta hori ez dator zuekandik, Jainkoaren dohaia da-eta; ez dator egiteetatik, inor harrotu ez daiten.
Izan ere, Jainkoak eginak gara; Berak sortu gaitu Kristo Jesusegan, on egiten ahalegindu gaitezan, Jainkoak guretzat aldez aurretik erabagita eukan lez.

Ebanjelioa


Jainkoak bere Seme bakarra emon deutso munduari, haren bitartez bizia izan dagian.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 3, 14-21

Aldi haretan, Jesusek esan eutsan Nikodemori:
«Moisesek basamortuan brontzezko sugea jaso eban lez, halan izan behar dau jasoa Gizonaren Semeak, Haregan sinesten daben guztiek betiko bizia izan dagien.
Izan ere, hain maite izan eban Jainkoak mundua, bere Seme bakarra emon eutsan, Haregan sinesten dauanik inor galdu ez daiten, betiko bizia izan dagian baino.
Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino. Haregan sinesten dauana ez dago kondenatua; sinesten ez dauana, barriz, kondenatua dago jadanik, Jainkoaren Seme bakarraren izenean sinestu ez daualako. Hauxe da kondenazinoaren arrazoia: argia mundura etorria dala, eta gizakiek ilunpea gurago izan dabela argia baino, hareen egiteak gaiztoak ziralako. Izan ere, txarto egiten dauanak gorrotoa deutso argiari, eta ez dator argitara, bere egiteak agirian gelditu ez daitezan. Egiaren arabera diharduana, barriz, argitara dator, haren egiteak Jainkoak gura lez eginak dirala agertu daiten».