Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 11-10-2020
Begoñako Andra Maria, Bizkaiko zaindaria

Irakurgaia 1


Goratzen nauanak betiko bizia izango dau.

Irakurgaia Eklesiastes liburutik
Qo 24,17-22

Mahatsondo ederrak lez bota nebazan kimu barriak:
nire lorak eta frutuak ederrak eta ugariak dira.
Zatoze ningana ni maite nozuenok,
eta ase zaiteze nire frutuz:
nire izena eztia baino gozoagoa da,
eta nire senipartea eztiorrazia baino hobea.
Ni jaten nabenak, goseago izango dira,
eta ni edaten nabenak, egarriago;
ni entzuten nabenak, ez dira lotsatuko,
eta nigan lanean diharduenak, ez dabe pekaturik egingo.
Ni goratzen nauanak betiko bizia izango dau.

Salmoa


Lk 1, 46-47. 48-49. 50-51. 52-53. 54-55

R/. Zorionekoa zu, Maria Birjina, betiko Aitaren Semea ekarri zenduana.

Handiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat neure barrua;
Jainkoa da-eta nire salbamena,
ikusi dau-eta mirabe honen ezereztasuna. R/.

Dohatsu deituko deuste gaurdanik gizaldi guztiak,
handiak egin deustazalako Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
bildur deutsoenakana. R/.

Ondasunez bete ditu gose ziranak,
eta esku hutsik bialdu asko eukenak.
Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei halan eutsen berbea emonda,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana. R/.

Irakurgaia 2


Bere Semea bialdu eban Jainkoak, emakumeagandik jaioa.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei egindako gutunetik
Ga 4, 4-7

Senideok: Sasoia bete zanean, bere Semea bialdu eban Jainkoak, emakumeagandik jaioa, legepeko egina, legepean ziranak erostera, guk seme-alabatzakoa hartu gengian. Eta seme-alaba zareenaren seinaletzat bere Semearen Espiritua bialdu dau Jainkoak zuen bihotzetara, «Abba! Aita!» deika diharduana. Beraz, aurrerantzean ez zara morroi, seme baino, eta seme bazara, baita oinordeko ere, Jainkoari esker.

Ebanjelioa


Jesus irakasleen artean.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik.
Lk 2, 43-51

Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziran urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituanean, Jerusalemera igon eben jaietara, ohitura zan lez. Jaiegunak amaiturik gurasoak etxerantz abiatu ziranean, Jesus umea Jerusalemen gelditu zan, hareek jakin barik. Erromeskideen artean etorrelakoan, egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziran taldeko ahaide eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez ebela, Jerusalemera bihurtu ziran haren bila.
Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu eben, irakasleen artean jesarrita, hareei entzuten eta itaunka. Entzuten eutsoen guztiak aho zabalik egozan erantzunetan azaltzen eban argitasunagaitik. Gurasoak, ikusi ebenean, harriturik gelditu ziran, eta amak esan eutsan: «Seme, baina zergaitik egin deuskuzu hori? Horra zelako atsekabez ibili garan aita eta biok zure bila!» Harek erantzun eutsen: «Zergaitik ibili zaree nire bila? Ez al zenkien Nik neure Aitaren etxean egon behar dodala?» Hareek, ostera, ez eben ulertu zer esan gura eutsen.
Jesus hareekaz batera jatsi eta Nazartera etorri zan, eta harein menpean bizi zan. Jesusen amak berba guztiok bere bihotzean arduran gordeten ebazan. Jesus hazi egiten zan jakituriz eta gorputzez eta graziz, Jaungoikoaren eta gizonen aurrean.
Jesus Nazaretera jatsi zan hareekin, eta hareen menpean bizi zan.