Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 08-08-2021
domeka

urtean zehar, XIX. astea domeka

Irakurgaia 1


Janari haren indarrez, Jainkoaren mendiraino ibili zan.

Erregeen lehenengo liburutik
1 Erg 19, 4-8

Egun hareetan, Eliasek egun bateko bidea egin eban basamortuan zehar. Azkenean, ipuru baten azpian jesarri zan eta heriotzea opa izan eutsan bere buruari, esanez: «Nahikoa dot, Jauna! Kendu egidazu bizia, ez naz-eta neure gurasoak baino hobea». Ondoren, ipuruaren kerizpean etzun eta loak hartu eban.
Horretan, aingeru batek ikutu eta esan eutsan: «Jagi eta jan». Begiratu eban Eliasek eta sutopil erre barria eta ontzi bat ur ikusi ebazan bere buru ondoan. Jan eta edan ondoren, etzun egin zan barriro. Etorri jakon bigarrenez Jaunaren aingerua, ikutu eta esan eutsan. «Jagi eta jan, bide luzea dozu-eta oraindino».
Jagi zan Elias, jan eta edan eban, eta janari haren indarrez berrogei egun eta berrogei gau ibili zan Horeberaino, Jainkoaren mendiraino.

Salmoa


Sal 33, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9

R/. Txastau egizue eta ikusi zein samurra dan Jauna.

Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorapena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu bediz. R/.

Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu dagigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta Harek erantzun,
bildur guztietatik libratu ninduan. R/.

Begiratzen deutsoenak disdiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Errukarri honek dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik salbatu eban. R/.

Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
Hari begirunea deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Ahogozatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna:
zorionekoa Haregan babesten dana. R/.

Irakurgaia 2


Zabilze maitasunean, Kristok ere maite izan zinduezan-eta.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 4, 30—5, 2

Senideok: Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, horregaz markatu zaitue-eta Jainkoak, askapen-egunean zuek bereizteko. Kendu zeuen artetik garrazkeria, hasarrea, gorrotoa, garrasiak, irainak eta bestelako gaiztakeria guztiak. Izan zaiteze alkarrentzat on eta bihozbera, alkarri parkatuz, Jainkoak zuei Kristoren bitartez parkatu eutsuen lez.
Izan zaiteze, beraz, Jainkoaren antzeko, beraren seme-alaba maite zareen ezkero. Bizi zaiteze maitasunean, Kristoren antzera, Berak maite izan ginduzalako eta bere burua gure alde emon ebalako, Jainkoak atseginez onartzen dauan oparitzat eskeiniz.

Ebanjelioa


Neu naz ogi bizia zerutik jatsia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 41-51


Aldi haretan, Jesusen kontra marmarka hasi ziran entzuleak, «Neu naz zerutik jatsitako ogia» esan ebalako, eta hau inoen: «Ez al da, ba, hau Jesus, Joseren semea? Ez al doguz, ba, ezagutzen honen aitamak? Zelan dino, orain, zerutik jatsia dala?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez jardun marmarka zeuen artean. Ezin da inor Nigana etorri, bialdu nauan Aitak erakarten ez badau. Eta Neuk biztuko dot azken egunean. Honan esaten da Profeten liburuan: "Jainkoaren ikasle izango dira guztiak". Aitari entzun eta Harek irakatsia bereganatzen dauana Nigana dator. Horrek ez dau esan gura inork Aita ikusi dauanik; Jainkoagandik etorri danak bakarrik ikusi dau Aita.
Bene benetan dinotsuet: Sinesten dauanak betiko bizia dau. Neu naz bizia emoten dauan ogia. Zuen gurasoek mana jan eben basamortuan eta, halan ere, hil egin ziran. Bestelakoa da zerutik jasten dan ogia: honetatik jaten dauana ez da hilgo. Neu naz zerutik jatsi dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. Eta Nik emongo dodan ogia nire haragia da, mundua bizi daiten emona».