Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 07-03-2021
domeka

garizuma, III. astea domeka

Irakurgaia 1


Legea Moisesen bidez emon zan.

Urteera liburutik
Ur 20, 1-17

Egun hareetan, Jaunak berba honeek esan ebazan: «Neu naz Jauna, zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik, esklabotzatik, atara zinduzana. Ez izan Ni beste jainkorik.
Ez egin idolorik, ez irudirik goiko zeruan, beheko lurrean edota lurpeko uretan diranetatik. Ez ahuspeztu horreen aurrean, ez emon gurtzarik ere. Ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra naz-eta: gorroto deusten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dot, hirugarren eta laugarren gizaldiraino; baina milagarren gizaldiraino agertzen deutset errukia Ni maite nabenei eta nire aginduak gordeten dabezanei.
Ez erabili alperrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, Jaunak ez dau-eta zigor barik itziko beraren izena alperrik erabilten dauanik.
Izan gogoan zapatu eguna, Jaunari sagaratzeko. Sei egunez egingo dozu lan eta zeure eginkizun guztiak burutuko. Baina zazpigarren eguna atseden-eguna dozu, Jaunari, zure Jainkoari, eskeinia. Egun horretan ez dozu bat ere lanik egingo, ez zuk, ez zure semeak, ez zure alabak, ez zure morroiak, ez zure neskameak, ez zure abereak, ezta zure herrian bizi dan etorkinak ere. Izan ere Jaunak sei egunetan egin ebazan-eta zeru-lurrak, itsasoa eta horreetan dagoan guztia, eta zazpigarrenean atseden hartu eban-eta. Horregaitik, bedeinkatu egin eban Jaunak zapatua eta egun sakratutzat ezarri.
Hartu aintzat aitamak, Jaunak zeure Jainkoak emongo deutsun lurraldean luzaro bizi zaitezan. Ez hil inor. Ez egin adulteriorik. Ez ostu. Ez egin guzurrezko testigantzarik lagun hurkoaren kontra.
Ez gura izan lagun hurkoaren etxerik, ez haren emazterik, ez morroirik, ez neskamerik, ez idirik, ez astorik, ezta beste ezertxo ere».

Salmoa


Sal 18, 8-9. 10 eta 15

R/. Zure berbak, Jauna, espiritu eta bizi dira.

Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;
Jaunaren mandamendua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau.
Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsu, begien argigarri. R/.

Jaunaganako begirunea garbi, betiko irauten dau.
Jaunaren erabagiak egiazko, dan-danak bidezko.
Hartu egizuz atseginez nire berba eta gogoetak,
Jauna, ene harkaitz eta askatzaile. R/.

Irakurgaia 2


Guk, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, gizakientzat oztopo dana, baina deituentzat Jainkoaren jakituria.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
1 Ko 1, 22-25


Senideok: Juduak ezaugarri eske dabiltz eta jentilak jakituria bila; guk, barriz, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, juduentzat onartezina eta jentilentzat zorakeria dana; baina deituentzat, judu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indar eta Jainkoaren jakituria da. Izan ere Jainkoaren zorakeria gizakiak baino jakintsuagoa dalako, eta Jainkoaren ahuleria gizakiak baino indartsuagoa.

Ebanjelioa


Desegin egizue tenplu hau, eta hiru egunetan jasoko dot.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 2, 13-25

Aldi haretan, hurreratu zan juduen Pazko-jaia, eta Jesusek Jerusalemera igo eban. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituan, eta diru-trukalariak han jesarrita. Jesusek, lokarri-zartailu bat eginez, bota egin zituan danak tenplutik, baita ardiak eta idiak ere, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli zituan. Uso-saltzaileei esan eutsen: «Kendu horreek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzirik dagoanaz gogoratu ziran: «Zure tenpluaren maiteminak erreko nau».
Orduan juduek itaundu eutsoen: «Zer ezaugarri emoten deuskuzu hori egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Desegin egizue tenplu hau eta hiru egunetan jasoko dot». Juduek erantzun eutsoen: «Berrogeita sei urte behar izan ziran tenplu hau eregiteko, eta Zuk hiru egunetan jasoko dozula?» Harek, ostera, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan.
Hilen artetik berbiztu zanean, gogoratu ziran ikasleak esandako honetaz, eta sinestu eben Liburu Santuetan eta Jesusek esandako berban.
Pazko-jaian Jerusalemen egon zan bitartean, askok sinestu eben Jesusen izenean, egiten zituan ezaugarriak ikusita. Jesus bera, ostera, ez zan hareetaz fidatzen, danak ezagutzen ebazan-eta; ez eban Harek gizakiaren barri inork emon beharrik, ondo ezagutzen eban-eta gizakiaren barruan dagoana.