Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 03-10-2021
domeka

urtean zehar, XXVII. astea domeka

Irakurgaia 1


Eta biak haragi bat izango dira.

Hasiera liburutik
Has 2, 18-24

Jainko Jaunak esan eban: «Ez da ona gizona bakarrik egotea; egin deiodan berari jagokon laguna».
Jainko Jaunak landako abere eta zeruko hegazti guztiak moldatu ebazan lurretik eta gizonari eroan eutsazan, zein izen emoten eutsen ikusteko; honan, bada, bizidun guztiek gizonak ezarritako izena daroe. Beraz, gizonak ezarri eutsen izena abere guztiei, zeruko hegazti guztiei eta piztia guztiei; baina ez eban aurkitu berari egokion lagunik.
Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilduazo eban gizona. Loak hartu ebanean, saihets-hazur bat kendu eutsan, hutsunea haragiz bete eutsala. Gizonari kendutako saihets-hazurraz emakumea moldatu eban Jainko Jaunak, eta gizonari eroan eutsan. Honek esan eban:
«Hau bai dala neure hazurren hazur,
neure haragiaren haragi.
Emakume izango da deitua,
Gizakumeagandik hartua izan da-eta».
Horregaitik, gizasemeak bere aitamak itziko ditu eta emazteagaz alkartuko da, eta biak bat izango dira.

Salmoa


Sal 127, 1-2. 3. 4-5. 6

R/. Jaunak bedeinkatu gaizala, gure bizitzako egun guztietan.

Zorionekoa Jaunari begirune deutsana
eta haren bideetan dabilena!
Zeure lanaren frututik jango dozu,
zoriontsu izango zara eta ondo joango jatzu. R/.

Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko
zure etxe barruan;
seme-alabak orio-kimuen antzeko
zure mahai inguruan. R/.

Hara zelan izango dan bedeinkatua
Jaunari begirune deutson gizona!
Bedeinkatu zaizala Jaunak Siondik,
gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz
zeure bizitzako egun guztietan. R/.

Ikusi dagizuzala zeure umeen umeak!
Bakea Israeli! R/.

Irakurgaia 2


Santutzailea eta santu eginak, guztiak jatorri batetik datoz.

Hebrearrei egindako gutunetik
Heb 2, 9-11

Senideok: Aingeruen pareko egina izan dan Jesus ha aintzaz eta ohorez koroatuta ikusten dogu, jasan eban heriotzeagaitik; izan ere, Jainkoaren ondonahiaz, guztien onerako jasan eban-eta heriotzea.
Egokia zan, izan ere, Jainkoak, gauza guztien sorburu eta jomuga danak, seme-alaba asko aintzara eroan nahirik, Jesus, hareek salbamenera gidatuko ebazan burua, oinazeen bidez bete-beteko egitea. Izan ere, bai santu egiten dauan Jesusek, bai honek santu egiten dituanak, jatorri bera dabe danek. Horregaitik, Jainkoaren Semeari ez deutso lotsarik emoten honei «senide» deitzeak.

Ebanjelioa


Jainkoak batu dauana ez begi gizakiak banatu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mk 10, 2-16

Aldi haretan, Jesus Judeako mugetan sartu eta Jordan ibaiaz bestaldera igaro zan. Barriro jentetza handia batu jakon eta bera, ohi eban lez, irakasten hasi jaken.
Hurreratu jakozan fariseu batzuk eta, Jesus zertan harrapatuko, itaundu eutsoen: «Zilegi al jako gizonari emaztea iztea?» Harek erantzun eutsen: «Zer agindu eutsuen horretaz Moisesek?» Eta hareek: «Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea izteko baimena emon euskun».
Jesusek esan eutsen: «Zeuen burugogorkeriagaitik emon eutsuen Moisesek lege hori. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin ebazan; horregaitik, gizasemeak bere aitamak itziko ditu eta emazteagaz alkartuko da, eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Holan, bada, Jainkoak buztartu dauana, ez begi gizakiak banandu».
Gero, etxean, arazo berari buruz itaundu eutsoen ikasleek. Jesusek esan eutsen: «Bere emaztea itzi eta beste bategaz ezkontzen danak adulterioa egiten dau lehenengoaren kontra; eta bere senarra itzi eta beste bategaz ezkontzen dan emazteak, adulterioa egiten dau era berean».
[Beste batean, umeak eroan eutsoezan Jesusi, ikutu egizan; ikasleek, ostera, hasarre egiten eutseen. Hori ikustean, Jesus hasarratu egin zan eta esan eutsen: «Itzi umeei Nigana etorten, ez galazo, holakoena da-eta Jainkoaren erreinua. Benetan dinotsuet: Jainkoaren erreinua umeak lez hartzen ez dauana ez da ezelan ere bertan sartuko».
Eta, besarkatuz, bedeinkatu egiten ebazan umeak, eskuak gainean ezarriz.]