Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 02-05-2021
domeka

pazko aldia, V. astea domeka

Irakurgaia 1


Jauna bidean zelan ikusi eban adierazo eutsen

Apostoluen Eginak liburutik
Eg 9, 26-31

Egun hareetan, Saulo, Jerusalemera heldu zanean, ikasleekin alkartu guran ebilan; baina bildur eutsoen danek, ez eben-eta sinesten benetan ikasle zanik.
Orduan, Bernabek Saulo beragaz hartu eta apostoluei aurkeztu eutsen. Kontau eutsen zelan Saulok Damaskora bidean Jauna ikusi eban, zelan berba egin eutsan Jaunak eta zelako ausardiaz hitz egin eban Damaskon Jesusen izenaz. Ordutik, apostoluekin batera ibili ohi zan Saulo Jerusalemen, Jaunaren izenaz ausardiaz berba eginez. Greko-hizkuntzako juduekin ere berbetan eta eztabaidan jarduten eban; baina honeek Saulo hilteko asmotan ebilzan. Senideek, hori jakitean, Zesareara eroan eben eta handik Tarsora bialdu.
Eleizea bakean bizi zan Judea osoan, Galilean eta Samarian; Jaunaganako leialtasunean bizi zan, eta eregiz eta ugalduz joian, Espiritu Santuagandiko adoreari esker.

Salmoa


Sal 21, 26b-27. 28. 30abcd. 30e-32

R/. Zugana nire gorakizuna, Jauna, batzar nagusian.

edo Aleluia.


Beteko ditut neure promesak begirune deutsoenen aurrean.
Asetzeraino jango dabe behartsuek,
goratuko dabe Jauna beronen bila dabilzanek.
Bizi bedi zuen bihotza betiko! R/.

Gogoratuko dira eta Jaunagana bihurtuko
lurreko herri guztiak,
haren aurrean ahuspeztuko dira
herrietako familia guztiak. R/

Haren aurrean ahuspeztuko dira
lurpean lo dagozan guztiak,
haren aurrean makurtuko
hilobiko hautsetara jaitsiak. R/.

Ni, ostera, Harentzat biziko naz,
nire ondorengoek Jauna zerbiduko dabe,
Haretaz berba egingo deutse datozan gizaldiei,
haren salbamen-egintza iragarriko deutso
sortzeko dagoan herriari:
«Holan jokatu dau Jaunak». R/.

Irakurgaia 2


Hau da haren agindua: sinestu dagigula eta alkar maitatu.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik
1 Jn 3, 18-24

Ene seme-alabok, ez dagigula berbaz eta ahoz maitatu, egitez eta benetan baino.
Holan jakingo dogu egiarenak garala, eta nasaituko dogu geure barrua Jainkoaren aurrean; gure barruak errudun garala esaten badeusku ere, gure barruak baino handiagoa da Jainkoa, eta guztia ezagutzen dau. Ene maiteok, barruak errudun garala esaten ez badeusku, uste osoa dogu Jainkoagan.
Seme-alaba maiteok: Eskatu ahala guztia hartzen dogu Jainkoagandik, haren aginduak beteten eta Hari atsegin jakona egiten dogu-eta. Eta hau da haren agindua: beraren Seme Jesu Kristoren izenean sinestu eta alkar maitatu dagigula, Berak agindu euskun lez. Haren aginduak beteten dituana Jainkoagan dago eta Jainkoa haregan. Honan dakigu gugaz dagoana: emon deuskun Espirituaren bidez.

Ebanjelioa


Norbait Nigan badago, Ni haregan lez, horrek frutu asko emoten dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 15, 1-8

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Neu naz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruturik emoten ez dauan aihena inausi egiten dau Aitak, eta frutua emoten dauana garbitu eta inausi, frutu gehiago emon dagian. Zuek garbi zagoze dagoaneko, Nik adierazo deutsuedan hitzari esker. Zagoze Nigan, Ni zuekan lez. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruturik emon ezin dauan lez, ezta zuek ere, Nigan ez bazagoze.
Neu naz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait Nigan badago, Ni haregan lez, horrek frutu asko emoten dau; Ni barik ezin dozue-eta ezer egin. Nigan ez dagoana kanpora botaten dabe, ebagi eta ihartzen dan aihena lez; gero, batu, sutara bota eta erre egiten dabe.
Nigan bazagoze eta nire hitzak zuekan badagoz, eskatu gura dozuena eta izango dozue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, frutu asko emotean».