Ebanjelioa eta irakurgaiak

Eguna: 01-08-2021
domeka

urtean zehar, XVIII. astea domeka

Irakurgaia 1


Ogi euria eginazoko dot Nik zuentzat zerutik.

Urteera liburutik
Ur 16, 2-4. 12-15

Basamortuan, israeldarren alkarte osoa marmarrean hasi zan Moisesen eta Aaronen aurka, esanez: «Hobe geunkean Jaunak Egipton hilazo baginduzan, haragi-lapiko aurrean jesarri eta ogia asetzeraino jaten genduanean! Zuek, ostera, alkarte osoa goseak hilteko ekarri gaituzue basamortu honetara!»
Orduan, Jaunak esan eutsan Moisesi: «Janaria euria lez jausiazoko deutsuet zerutik. Herriak egunean egunekoa batzera urtengo dau. Probatu egingo dot, ea nire legearen arabera dabilen ala ez.
Entzun ditut israeldarren marmarrak. Esaiezu: "Arratsaldean haragia jango dozue, eta bihar goizean ogiz aseko zaree, eta jakingo dozue Neu nazala Jauna, zuen Jainkoa"».
Arratsaldean, galeperrak etorri ziran eta kanpaleku osoa estaldu eben, eta biharamun-goizean iruntz-azala azaldu zan kanpaleku inguruan. Iruntza desagertu zanean, izotzaren itxurako zeredozer, xehea eta garautsua, azaldu zan lur gainean. Ha ikustean, alkarri itaunka hasi ziran israeldarrak: «Zer da hau?» Ez ekien-eta zer zan.
Moisesek esan eutsen: «Jaunak janaritzat emoten deutsuen ogia da hau».

Salmoa


Sal 77, 3-4. 23-24. 25 eta 54

R/. Zeruko ogia emon eutsen Jaunak.

Guk entzun eta ikasiak,
gurasoek guri kontatuak,
ez deutseguz ezkutauko geure umeei;
kontauko deutsaguz hurrengo belaunaldiari
Jaunaren egintza goragarriak,
haren ahalmena eta egin zituan mirariak. R/.

Orduan, hodeiei agindu eutsen goitik,
eta zeruko ateak edegi zituan;
mana isuri eutsen janari,
zeruko ogia emon eutsen. R/.

Aingeruen ogia jan eban gizakiak,
asetzeko lain janari emon eutsen Jainkoak.
Bere lurralde santura eroan zituan,
berak eskuratutako mendira. R/.

Irakurgaia 2


Jantzi zaiteze Jainkoaren arabera egin dan gizaki barriaz.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik
Ef 4, 17. 20-24

Senideok: Hona zer esaten eta zinez eskatzen deutsuedan Jaunaren izenean: ez zaitezela dagoaneko bizi sinesbageak bizi diran lez, burua hutsalkerietan dabe-eta.
Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi dozuena, baldin eta egia bada Haretaz berba egiten entzun dozuela. Jesusi jagokon benetako irakaspenaren arabera, honako hau ikasi dozu: batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi egin behar dozuela; bestetik, barriz, zeuen gogo-bihotzak barritu eta giza izaera barria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar dozuela, Jesusen egiaren arabera, biziera zuzena eta santua eroateko.

Ebanjelioa


Nigana datorrena ez da gosetuko, eta Nigan sinesten dauana ez da behin ere egarrituko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 24-35

Jesus eta ikasleak han ez egozala ikustean, jentea, txalupetara igon, eta Kafarnaumera joan zan, Jesusen bila. Itsasoz bestaldean aurkitu ebenean, esan eutsoen: «Maisu, noiz etorri zara hona?» Jesusek erantzun eutsen: «Bene benetan dinotsuet: Nire bila zabilze, ez ezaugarriak ikusi dozuezalako, ogia asetzeraino jan dozuelako baino. Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten dauanagaitik baino, betiko bizia emoten dauanagaitik; hori Gizonaren Semeak emongo deutsue, Berau egin dau-eta Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari».
Orduan, itaundu eutsoen: «Zer egin behar dogu, Jainkoak gura dauana egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Hau da Jainkoak gura dauana: Berak bialdu dauanagan zuek sinestea».
Aldi haretan, jenteak esan eutsan Jesusi: «Zer ezaugarri egiten dozu, guk ikusi eta Zugan sinesteko? Zer egiten dozu? Gure asabek mana jan eben basamortuan, Liburu Santuak dinoan lez: "Zeruko ogia emon eutsen jaten"».
Jesusek erantzun eutsen: «Bene benetan dinotsuet: Ez eutsuen Moisesek emon zeruko ogia. Nire Aitak emoten deutsue zeruko egiazko ogia; izan ere Jainkoaren ogia zerutik jatsi eta munduari bizia emoten deutsana da-eta».
Orduan, hareek Jesusi: «Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik».
Jesusek erantzun eutsen: «Neu naz bizia emoten dauan ogia; Nigana datorrena ez da gose izango, eta Nigan sinesten dauana ez da behin ere egarri izango».